HOMEARTICLESISSUESACTIVITIESPUBLICATIONSMULTIMEDIA


Gaur egungo sistemak eskubide atmosferikoak pribatizatzen ditu PDF Print E-mail
Ixiar Zubiaurre/berria.info | Friday, 20 November 2009
TAMRA GILBERTSON. Transnational Instituteko ikerlaria
Garapen bidean dauden herrialdeek euren ekonomiak indartzeko eskubide osoa dutela uste du Gilbertsonek; klima aldaketaren erantzuleak, hala, herrialde industrializatuak direlakoan dago.
 
Herrialde industrializatuentzat giltzarri izango da Kopenhageko goi bilera. Hala uste du Tamra Gilbertson Transnational Instituteko ikertzaileak (Ipar Dakota, AEB, 1973). Kyotoko Protokoloak zabaldutako bide beretik, izan ere, gasa isurtzeko eskubideak erosten jarraitu nahi dute iparraldeko gobernuek; eta, horretarako, zein mekanismo eratu erabaki behar dute Danimarkan. Gilbertson Bilbon da egunotan, Ekologistak Martxan-ek gonbidatuta.

Jakina da Kopenhageko goi bileran legezko akordiorik ez dutela lortuko. Besterik espero zitekeen?

Nik banekien Kopenhageko goi bileran ez zutela lortuko ezertara behartzen dituen akordiorik. Horregatik egingo dute martxoan bigarren ahalegina. Eta ez da azkena izango; nik uste dut ekainean berriro bilduko direla. Dena dela, Konpenhageko bilera garrantzitsua da askorentzat; AEBek, Australiak eta Zelanda Berriak, izan ere, emisioen salerosketarekin jarraitzeko aukerak aztertu nahi dituzte bertan. Kyotoko Protokoloari esker, iparraldeko herrialdeek, kutsatzen jarraitzeko, kredituak erosten dizkiete hegoaldeko herrialdeei; gasa isurtzeko eskubideak eskuratzen dituzte. Kreditu horiek gabe ezingo lituzkete emisioak murrizteko hartu zituzten konpromisoak bete. Baina sistema horrek badu arazo bat: erregaien esplotazioa amaitu beharrean, horrekin jarraitzeko bide ematen du. Ez da irtenbide bat, beraz.

Garapen bidean dauden herriek maiz salatu dute eurak sortu ez duten arazo baten erantzule egin nahi dituztela...

Klima aldaketaren erantzuleak herrialde industrializatuak dira. Euren erantzukizuna da neurri eraginkorrak hartzea, ez garapen bidean dauden herrialdeena. Zer gertatzen da Txinarekin? AEBak presio egiten ari zaizkio Txinari, gas isurketak murritzeko konpromisoa har dezan. Baina ezin dugu ahaztu Txinak kontsumitzen duen erregaiaren ia %20 esportazioari esker lortzen duela. Horregatik, ez genieke eskatu behar handitzen ari diren herrialde horiei klima aldaketaren zama euren gain har dezaten; ez Txinari, ez beste inori.

Beraz, zure ustez, Txinak eta Indiak badute eskubidea herrialde aberatsek orain arte egin dutena egiteko?

Garatzeko eskubidea dute, euren bizitzarekin jarraitzeko. Honen guztiaren atzean, gainera, beste kontu bat dago: herrialde hauek kutsatzen dutenaren portzentaje handi bat esportazioei esker kutsatzen dutela, alegia. Kanpotik ematen diete gasak isurtzen jarraitzeko aukera. Badirudi, ordea, gaur egun indarrean dagoen sistemak eskubide atmosferikoak gutxi batzuen esku uzten dituela, pribatizatu egin dituztela. Eta eskubide horien jabe iparraldeko herrialdeak dira.

Klima aldaketari aurre egiteko, besteak beste, indigenen edo emakumeen ahotsa presenteago egon beharko luketela diote adituek.

Ezin dugu klima aldaketaz hitz egin, aurrez ez badugu generoen arteko ezberdintasunez, indigenez edo arrazakeriaz hitz egiten. Gai horiei guztiei buruz hitz egiteko leihoa izan behar du klima aldaketak. Ezin gara justizia klimatikoaz ari generoaz edo faxismoaz eztabaidatzeko prest ez bagaude.
 
 
 
 
archive
 
in the media
 
creativecommons 2024  Carbon Trade Watch